Jardunaldien antolatzaileetako batzuk. Eskuinekoa da Kanpandegi
Gure Hegoak taldeak
Haurtzaroa naturan goiburuko jardunaldiak antolatu ditu astebururako. Amuteko Auzo Elkartean eta natur gunean burutuko dituzte, bihar eta etzi, eta hainbat ekitaldiz osatuta egongo dira, familiei zuzendutakoak. Jardunaldien berri eman orduko bete da parte hartzaileen zerrenda baina, aurrerago, ekintza gehiago antolatuko dituztela esan du Aritz Kanpandegi (Hondarribia, 1980) taldeko kideak. Hori bai, bihar (larunbata) goizean laguntza behar dute, hitzaldiaren tartean haurrekin jolasteko. Lagungu nahi duenak dei dezala 655 713 037 telefonora (Leire).
Zein helburu du Gure Hegoak-ek?
Duela gutxi guraso eta haur talde bat elkartu gara eta gure asmoa familientzako ekintzak antolatzea da, ikusten dugulako haurrentzako gauzak badaudela, gurasoentzat ere, baina oso toki gutxietan antolatzen dira gurasoak eta haurrak elkarrekin egiteko ekintzak.
Hondarribikoak zarete baina ekintzak irekiak antolatzeko asmoa duzue, asteburu honetatik hasita.
Bai gure ustez ekintzak irekiak izan behar dira. Hau izan da lehen ekintza zabala eta jende pila bat hurbildu zaigu eta gainera jende asko animatu da Gipuzkoatik, Tolosatik, Beasaindik… eta noski, bertatik ere bai, Bidasotik.
Erantzun horrek gaian gabezia dagoela adierazten al du?
Nire ustez bai, jendea gosez dagoela. Haurrekin gauzak egin ahal izatea, gurasoak parte izanda. Eta guk jardunaldietan landu nahi izan dugun ildoa da naturarekin kontaktuan, nola bizi , zein onura duen haurrentzat, zein onura helduentzat. Jendeak horren beharra duela dirudi.
Zeintzuk dira onura horiek?
Bizi dugun erritmoan oso desnaturalizatuak bizi gara, galdu ditugu naturarekin genituen loturak, eta horrek erritmo artifizial batzuetara eramaten gaitu, whatsapp-aren, semafaroen erritmora eta osasunean eragina du, estresa eta abar. Horregatik, naturan ibiltzeak, batetik, alde terapeutikoa du eta, bestetik, gozamena da, eta gizakiak beti egin duen gauza bat da gainera.
Jardunaldiek badute alde teorikoa ere. Zer landuko da bertan?
Larunbat goizean hasiko dira jardunaldiak eta hitzaldi batekin hasiko ditugu. Heike Freire pedagogo eta kazetariak emango du hitzaldia. Arratsaldean pentsatzen jarriko gara, haurrek jolasteko zein espazio edo zein gune behar dituzten, horren inguruan ariko gara.
Eta alde praktikoa, naturan egingo duzue?
Bai, larunbatean pentsatu eta igandean egingo duguna izango da sentitu eta horretarako Aiako Harrira joango gara. Haurrek natura sentitu dezaten eta guk txikitako sentipenak berreskuratu ditzagun, galduta ditugulako.
Zer nolako eskualdea da Bidasoa naturan ekintzak antolatzeko?
Nahi dugun guztia dugu, itsasoa, hondartza, mendia, basoa, sasiak, bidezidorrak… Baina egia da neguan euria eta lokatza ditugula eta horrek beste egoeran jartzen gaituela. Udan erraza da haurrekin egotea, baina negu gorrian zerbait gehiago behar da.
Eguraldi txarra egingo balu, baduzue alternatiba?
Dena prestatu dugu bi programazio paralelo aintzat hartuz, eguzkiarekin bat egiteko eta euriarekin beste bat. Euriarekin dena ezin da kanpoan egin, baina eguraldi onarekin barruan egitea ere pena litzateke. Horregatik eguraldiaren arabera mugituko gara.
Izena emateko aukera izan ez duenari zer esango zenioke?
Egingo ditugula ekintza gehiago. Jendeak idazteko lasai eta harremanetan izango gara beraiekin. Posta elektronikora
idatzi dezatela.