Irungo Udala ez dago ados Jaurlaritzaren interes geologikoko irizpideekin
Eusko Jaurlaritzak geologia interesguneen inbentarioaren gaineko ekimenean sartu du Irun, eta udalak horri dagokion dokumentazioa jaso du. Baina agiri horretan azaltzen direnekin ez dago ados udala, Miguel Angel Paez Ingurumeneko ordezkariaren arabera konturatu direlako ez direla hiriaren “ezaugarri garrantzitsu batzuk” agertzen, eta daudenen batzuren artetik zalantzak dituzte. Hortaz, alegazioak jarriko dizkio udalak dokumentu horri, “Iruni dagokionez, interes guneen mugaketa ez da oso garbia, eta inbentarioan agertzen diren irizpideak ez daude osatuta”.
Alegazioak jartzeko hainbat argudio azaldu ditu Paezek. Horietatik garrantzitsuena Ingurutzetako labeak txosten horretan ez sartzea, “labe sail hori Euskadiko handiena da, gainera, hori berreskuratzeko inbertsio handia egin dugu”. Inguru horretara jendea erakartzeko ahalegina ere nabarmendu du udal ordezkariak, tren berdearen eta bertan egin duten informazio gunearen bidez. Gauza berbera esan dute Plaiaundiko paduren gainean.
Alde ilun gehiago ikusi ditu udalak, ordea. “Hitz batzuren egokitasunaz” eta “zifra batzuren” gaineko zalantzak agertu ditu udalak.