Xabier Iridoy, gaur goizean, Berpizturen egoitzan
Irungo EAJren bozeramaile Xabier Iridoy Berpiztu gobernuz kanpoko erakundearen egoitza bisitatzen izan da gaur goizean, Santiago kalean. Beharra dutenei jakiak ematen dizkie Berpiztuk, eta urtebete inguru daramate lanean lokal horretan. EAJk egindako proposamen baten harira hasi zen lanean erakundea, eta 2012ko abenduan 12 familiak jaso bazuten ere Berpizturen laguntza, aurreko asteko asteartean 328 etorri ziren, “zoritxarrez, krisiak egoera zailean utzi ditu irundar asko eta horren aurrean guk ezin dugu beste aldera begiratu”, adierazi du Iridoyk.
Jeltzaleen udal taldeko buruarekin batera Ana Gayoso EAJren zinegotziak eta Berpiztuko Rosa Diaz Otazuk parte hartu dute bisitan. Urtebeteko lanaren balorazio positiboa egin duten bertan izandakoek, eta EAJko kideek gogorarazi dute, hasiera batean, talde politikoak Berpizturen banaketa zerbitzua abian jartzeko eskatu zuenean, udal gobernu taldeak ez zuela hori begi onez ikusi, “elikagaien banaketarako zerbitzuak udal gobernuari nahikoak iruditzen zitzaizkion”. Horrela, Santiago kaleko aretora jaki bila hurbiltzen diren herritarren emariak baieztatu du, EAJren ustez, horrelako zerbitzua beharrezkoa zela, “EAJk hiritarren ongizatea bermatzeko lan egiten du, are gehiago egungo egoeraren aurrean. Gipuzkoan langabezia tasa handiena duen udalerria da Irun, eta familia askok egoera zailei aurre egin behar diete. Alboratu ezin den errealitatea da”.
Horrela, datorren larunbaterako Gipuzkoako Elikagai Bankuak antolatu duen janari bilketa kanpainan parte hartuko duela aurreratu du Xabier Iridoyk.